Bigarren aukera

Kotxe istripu larria izan zuen, Eroskiko bihurgunean,… handik bizirik irtetea ezinezkoa zen. Eta hala ere, inork gutxik espero bazuen ere, bizirik irten zen, nahiz eta zauri asko jaso… Ondo jartzea mila ahalegin eta errehabilitazioren emaitza izan zen, eta Urrategiko Ama txikiari eskerrak ematera joan zen, oinez, herrenka… Bigarren aldiz bizi da.

Gaztetako “txoro haizea” edo auskalo zerk eraginda, “zerua”ren bila aritu zen urte askoan… horretarako droga gogorrak irentsiz… baina zeruaren ordez, “infernua” aurkitu zuen: gezurra, menpekotasuna, bizitza aurrera atera ezina,… Baina -maitasunaren kontuak- pixkanaka bizitza berriro eskuetan hartzea lortu zuen, lanean gogor aritzea, zaletasun txikiei eustea, familia osatzea,… Bigarren aldiz bizi da.

Batzuetan bai, bizitzan bigarren aukera izan dezakegu, baina ez da beti honela gertatzen. Gaixotasun larri batek eraman gaitzake heriotzara,…

Zalantzarik gabe, bideo-jokoetan beti dago bigarren aukera, guk gidatzen dugun motorra pantailan txiki-txiki eginda gelditzen bada ere… Ikaste kontuetan ere, aukera asko izan ditzakegu, eta agian errekuperazio azterketa batek lagunduko digu lehen galdu genuen emaitza lortzen, edo ikasmailaz igarotzen, nork daki…  Garbi dago, bestalde, erlijio kontuetan sartzen bagara, Jaungoikoaren barkamenaren esperantza ez dugula inoiz galdu behar, Berak beti onartzen gaituelako… Jaungoikoak barkatzen digu, nahiz eta naturak ez duen beti barkatzen (edo ia inoiz ez?).

Eta gero, bihotzaren gauzak daude. Pertsona baten konfiantza galtzen baduzu, bere uste ona traizionatzen baduzu,… zaila da berriro aukera bat izatea. Gauzak ez dira jadanik lehen bezala. Lan luzea eta fina egin beharko da berriro elkarren konfiantza josteko… Hala ere, nik ez nuke etsiko… ni lan horretan hasiko nintzateke lehenbailehen.

Zer iruditzen zaizu? Merezi al du saiatzea? Konta iezaguzu zuk ezagutzen duzun gertaeraren bat, bigarren aukerari buruz. Eskerrik asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude