Bihotzaren giltza

Udaberriak odola bor-bor… Eguzkia bere bidera pixka bat arrimatzen hasten den orduko, landareek beraien hosto eta loreen kolore sinfonia zabaltzen dute… Gure herriko plazetan txorien kantua ez da isiltzen, txio-txio,…  Eta gure bihotzaren taupadak ere gero eta azkarrago…  Gaurko honetan gaztetxo batzuek eskaini dizkidaten hausnarketak idatzi ditut hemen…

“Giltzak dauzkat eskuetan, giltza asko: bizikletako kandadoaren giltza, etxeko giltza, nire gauzak gordetzeko erabiltzen dudan egurrezko kutxa txikiaren giltza txikia, giltzak, giltzen kopiak… Eta iruditzen zait nire bihotzaren giltza falta zaidala, beste baten eskuetara irristatu dela, ia oharkabean… Bere begiradak, bere irribarreak… zabaltzen du nire bihotzaren atea, nire bizipoza…

Pentsatzen hasi naiz nori emango niokeen nire bihotzaren giltzaren kopia bat; izan ere, giltza bakarra izanez gero, ateak betiko zabalik edo betiko itxita gelditzeko arriskua handia du… Egia da, giltza guztiak ezingo dira edozein ordutan edo edozein modutan erabili, baina guztiek izango dute nire sarrailan klask egin eta atea zabaltzeko baimena…

Agian, nire gurasoei emango diet kopia bat, nahiz eta batzuetan gure harremanak pixka bat “trumoitsuak” diren,… azkenean beraiek dira gehien agoantatzen nautenak, eta nik ere pazientzia handia hartu behar dut beraiekin… Beraientzat ez dut sekula sarraila aldatuko, eta giltza betiko emango diet…

Irakasleei buruz, ejem… ez dakit zer pentsa. Askotan borrokan ari gara; pertsona helduen laguntza behar dut, baina ez dut hori onartu edo aitortu nahi. Gainera, inori inporta al zaio nire egoera benetan?

Lagunak beste gauza bat dira,… Gustura egoten gara elkarrekin, jolasean, kiroletan, denbora pasa, lokalean,… berez ez du inork agintzen, nahiz eta beti dagoen proposamen onenak egiten dituen baten bat…

Nire azukre koxkorrari, ejem eta ejem, horri beti zabalduko diot bihotza. Giltza berak dauka, eta berak gorde dezala beti. Baina ez dizut esango ezer gehiago nire bihotzaren jabeari buruz…”

Zer iruditzen zaizu. Merezi al du inori bihotzaren giltza oparitzea? Zuk nori emango zenioke giltza?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude