Otoitzean ikasten (dbh1)

Otoitza oso pertsonala da: gutako bakoitzak Jaungoikoarekin hitz egiteko duen modu berezia izan daiteke… Munduko kultura eta erlijio guztietan egiten da otoitz, pertsonok, bakoitzak bere estiloan, Jaungoikoaren hitz egiteko beharra dugulako …  Agian pertsona bat ez da elizara sarri joango, edo ez du garbi ulertuko erlijioari buruzko gauza asko … Halere sarritan senti dezake pertsonak otoitz egiteko premia. Eta, garbi esan behar da, otoitzean ikasi egiten da, denborarekin eta otoitz eginez… Umeak ginen garaiko otoitza ondo dago, baina gure gorputzarekin batera aldatzen da gure izaera ere, eta otoitzak ere HAZI egin behar du gugan: nerabezaroan nerabeen otoitza egin behar da, eta geroago gazteen eta helduen otoitza…

Zertarako egiten dugu otoitz? Batzuetan, larritasun edo arrisku baten aurrean LAGUNTZA ESKATZEKO. Guk badakigu hauskorrak garela, arazo batzuen aurrean ezin dugula ia ezer egin … Badakigu batzuetan akats handiak egiten ditugula, eta besteei kalte handia egin diezaiekegula …  Eta horren aurrean, ez da erraza gure kezka edo gure kulpa agoantatzea … Eta ESKATU egiten diogu laguntza eta babesa, agian hor ezkutuan dagoen Norbaiti, gu baino indartsuagoa den Norbaiti …

Beste batzuetan, ESKERRAK EMATEKO egiten dugu otoitz,… Izan ere, konturatzen gara zorte handia izan dugula bizitzan… Eta opari asko jaso ditugula. Guk ez genuen jaiotzea aukeratu: opari handi bat izan zen; behar izan dugun guztia eman digute… Eta askotan sentitzen dugu mundua gurekin ondo portatu dela (guk merezi baino hobeto, askotan), eta pertsona batzuek asko maite gaituztela (gurasoek, familiakoek, koadrilakoek,…) … Eta agian konturatuko gara pertsonok dugun maitasunaren iturria Jaungoikoaren maitasuna dela. Jaunak maitatzeko kapaz egin gaituela,… Askotan senti dezakegu natura benetan ederra dela, batez ere egunsenti argitsu baten aurrean, edo Erromako Zubia euri artean ateratzen denean… Benetan Jaunak mundua ongi egin du!!

Eta askotan, otoitz XUME eta APALA, Jaungoikoarekin pixka bat hitz egiteko, besterik gabe… Gure gauzak Berari kontatzeko, gure arazoak kontatzeko, agian barkamena eskatzeko, behar bada gure lana eta ahalegina Berari eskaintzeko … Nahikoa izango litzateke lotara joan aurretik minutu bat hartzea, pixka bat pentsatu eta Jaunari otoitz labur bat egiteko, geure hitzak asmatuz, gure bihotza Bere eskuetan jarriz, irudi erlijioso bat gure aurrean … Gauero, ahal bada…

Jesusek otoitz zoragarria irakatsi zien bere apostoluei, GURE AITA, eta beste otoitz ederrak ere ikasi ditugu, adibidez, Ama Birjinari esaten diogun AGUR MARIA …

Nahiko al zenuke otoitz labur bat asmatu, zuk pentsatutako egoera zehatz baterako?  Zure otoitza eta beste ikaskideen otoitzak batera jarriko ditugu, orri batean, egileen izenak idatzi gabe. Asma ezazu otoitz labur bat … Mila esker!!

Oharra: DBH1eko neska eta mutilek bidalitako otoitzak, hemen atxikitako artxiboan irakur daitezke ,Otoitzak DBH1 2010.05.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude