Rikardo Arias gogoratzen…

Urteak aurrera doaz eta pixkanaka oroitzapenak lausotzen dira, abiada azkarreko bizitza mota honetan eta gehiago,… Hala ere, martxoan Rikardo Arias salestarra urtero gogora etortzen zait modu berezian…1996ko martxoaren 9an, oraindik gazte, minbiziak jota hil zen, eta Urnietan dago ehortzita,… Gaitzaren aurka bi urteko borroka egin zuen, beti adieraziz gehiago interesatzen zitzaiola bizitza luzatzea baino sakontzea, bere bokazioaren ildoan… Jesusen testigu fina izan zen, gazteen artean, langileen artean, anaia salestarren artean,… Segoviakoa jaiotzez, euskal herritarra eta euskalduna bilakatu zen, hizkuntzaz eta bihotzez.

Maitagarria izan zen benetan, eta inguruko jendeak garbi asko sumatu zuen gure artean “santu” erakargarri bat bizi zela. Nire salestar ibilbidean Rikardok bere mugarriak jarri zituen une askotan: seminario txikian sartu aurreko kanpaldian; nerabezaroan, Moisesen fedea aztertzean,… formazio prozesuan zehar gertu sentitu nuen, nire konfiantza jasotzen, niri konfiantza eskaintzen…

Rikardorekin hasi nintzen Pirinioetako hiru milako mendietara igotzen… Mendia lagunarte zitzaion, miresmenerako eta otoitzerako bidea… Eta bere mendi ibilaldietako aipamen batez bukatu nahiko nituzke lerro hauek. Basoa eta landareak bakantzen hasten zirenean; elurra, izotza edo harria guztiz nagusitzen zirenean, ez zen arraroa izaten lore txiki eta zoragarriak harriren bati atxikita topatzea, itxuraz inongo lurrik gabe, sustraiak inon jartzeko gairik gabe… Orduan esan ohi zuen: “Beraz, gerta daiteke!! Posiblea da!!”. Itxaropenaz ari zen… Muga guztiak, heriotza barne, gaindi ditzakeen itxaropenaz… Eskerrik asko, Rikardo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude