Palabek

“Palabek” dokumentala eskura duzu esteka honetan.

Hego Sudan 2011n nazio independiente bilakatu ondoren, berehala sortu zen gerra zibila, bereziki petrolio erreserbak eskuratzeko asmoz eginiko gerra. Gerra oso krudela izan zen.
Jende askok ihes egin behar izan zuen, inguruko nazioetara, euren bizitza salbatzeko, bake eta seguritate bila, askotan familiako kideak galdu ondoren, tortura eta biolazioak jasan ostean.
Ugandan dago Palabek. Errefuxiatuen eremua da. Eremu itxia da, zabalera handia badu ere.
Han bizi dira salestarrak, errefuxiatuekin eguneroko bizitza konpartitzen. Lehenbizi toki segurua eskaini behar zaie iheslariei. Eguneroko ogia irabazten ere lagundu behar zaie, bizitza baldintzak eskasak baitira. Berebiziko garrantzia ematen diote eskolari eta heziketa teknikoari. Gerra laster bukatuko dela espero da, eta orduan ondo prestatuta egon behar dute, gizarte baketsua eraikitzeko, lana eginez euren bizimodua irabaziz… Etorkizuna Palabek eremuan bertan hasi da.

Zaila egiten zaigu jendeak ihes egin behar duela imajinatzea, baina munduan errefuxiatu ugari dago, gehienak euren herrialdeetan bertan edo gertu. Salestarrak lanean gogor ari dira errefuxiatuen alde. Palabek adibide bat da soilik. Antzeko lana egiten da Pakistan (Quetta), Mexiko (Tijuana, Padre Chava) edo Turkian… Espainian bertan ere lan handia egiten dute etorkinei gizarteratzen laguntzeko.

Mediterraneoa iheslari eta errefuxiatu askoren igarobide edo hilobi bihurtu da azken urteetan eta Europako gobernuek oztopoak jartzen dizkiete itsasoan salbamendu lanean ari direnei (Aita Mari untzikoei adibidez…). Giza Eskubideen aldarrikapeneko 13. artikuluan garbi onartzen da gizaki guztion libre joan eta etortzeko eskubidea. Euskadiko agintariek esaten digute gure gizarte zaharkituak etorkinak behar dituela, gaur egungo gizarte egiturari eutsi nahi badio; adibidez, jubilatutakoen pentsioei eutsi nahi badiegu…

Palabek dokumentala ikusi ondoren, zer ikasi duzu? Eman ezazu zure iritzia errefuxiatu eta etorkinekin gertatzen ari denari buruz.

Utzi erantzuna Izaro Lete(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude